Bien arteko elkarlanean, bizitzan traba egiten duten dinamika inkontzienteak zehaztu eta ulertzen saiatzen da, eta pertsona horren sufrimendua eta jokaera arazoak ezabatzea du helburu.

Zer da psikoterapia

Psikologia izaerako tratamendu bat da, profesional espezialistak laguntza behar duen pertsonarekin egiten duena. Bien arteko elkarlanean, bizitzan traba egiten duten dinamika inkontzienteak zehaztu eta ulertzen saiatzen da, eta pertsona horren sufrimendua eta jokaera arazoak ezabatzea du helburu.

Psikoterapia egitean, metodologia sistematizatua eta erregela teknikoak erabiltzen dira. Horiek fenomeno psikikoen sorrera eta garapenean eta gizakien psikismoa eta ingurunearen arteko erlazioan oinarritzen dira.

Laguntza behar duela uste duen pertsonak psikoterapia egitea erabakitzen duenean, bi pertsonen arteko harreman bat hasten da, esperientzia psikiko aparta izango dena eta pertsona horren funtzionamendua behatzeko aukera emango duena. Pausoz pauso izango da hori, bere jokaera ulertzeko ahaleginaren bidez, bere errealitateak arakatzen eta espresatzen dituenean egingo dituen gogoeten bidez. Hori izango da prozesu terapeutikoa, pertsonaren beraren esperientzia eta autonomian oinarritua, ulertu eta ulertua izatearen ahaleginaren ondorioa.

Autoikerkuntza jarduera proposatzen dizuet, zuen pentsamendu, fantasia eta emozioak antolatuz zuen burua aurkitu eta ulertzeko, eta, bide horretan, sufrimendua arintzeko.